XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Leopoldo Ma Panero: Psikiatria medikamenduak baino ez dira

Leopoldo Maria Panero idazleak, izatez madrildarra bada ere, Arrasaten, Santa Agedako ospitalean bi urte t`erdi daramatza.

Liburu ugari argitaratu ditu, 12 alegia eta, nobela bat.

Beldurrezko (orror) ipuin liburu bat ez beste guztiak poema liburuak dira.

Horrez gain, hitzaldi ugari ematen ditu, Zorroagako unibertsitatean joan den astean azkena.

Berarekin egoteko aukera aprobetxatu dugu eta bere bizitzaz, sikiatriari buruz dituen eritziez eta beste gauza askori buruz hitz egin ahal izan dugu.

- Arrasate Press: Leopoldo, zu idazlea zara, baina zure familian idazle ugari izan dira, horrek zuregan eraginik izan du?.

- Leopoldo Panero: Egia esan gure artean ez dugu harreman onik, isilean elkar gorrotatzen dugu, ez dugu famili arteko bizitza egiten.

Nire eritziz, familia estruktura paranoikoa da; familia eta maitasuna, biak, bestearen jabetza bait da instituzio hauen oinarria.

Mesfidantzan azken finean, ez dago eta beste giza harremanik mesfidantza izan ezik.

Hala ere, nire anaia Juan Luisek idazten duena atsegin dudala esan behar dut eta, nahiz eta nire aita faszista izan, aitaren hasierako bosten bat poesia surrealista ere atsegin ditut.

- Gaur egun idazten al duzu? - Beno Santa Agedan bizitza guztiz antzua egiten dut, landare gisa bizi naiz.

Dena dela, noizean behin idazten du.

Astero ABC aldizkarian artikulu bat idazten dut.

ABCra bidaltzen ditut nire artikuluak aldizkari horretan argitaratuko didatela ziur nagoelako.

El Pais edo Diario 16ra ere bidaltzen nituen, baina ez zizkidaten beti argitaratzen eta benetan animatzen zaituena zure lana argitaratuta ikustea da; ez bakarrik diruagatik, egin duzun lan intelektualagatik baizik.

Aldizkari batetan esan dezakezuna ezin duzu ileapaindegian edota dendan esan, azken bi hauek aldizkarian esaten denaren ohiartzuna bait dira.

Badaude aldizkari batetan esan daitezkeen gauzak irratian edo telebistan ezin esan daitezkeenak.

- Zu Psikiatriko batetan internaturik zaude, zein da psikiatriari buruz duzun eritzia? - Gaur egungo psikiatria medikamenduak baino ez dira.

Ni Ospitale psikiatriko batetan bizi naizenez, psikiatriari buruz dudan eritziak metodu bati jarraitu nahi dio.

Psikiatria, zentzuak ukatzen dituen sistema bat da, zentzuen nolabaiteko desagerketa ontzat ematen du eta era horretan tortura alegalizatzen du.

Psikoanalisia ondo ikusten dut, zentzurik ez dagoen tokian zentzua aurkitzen saiatzen bait da.

Keinuak ikertzen dituen EEBBko psikiatria, behin behineko zoramena ikertzen duena, atsegin dut.

- Psikiatrikoetan, jende askok alkoholaren eraginez ingresatzen du, zein eritzi duzu alkoholaz? - Alkoholak bere alde onak eta txarrak dauzka.

Bere alderdi txarra gehiegi edateak nortasuna aldarazten duela da.

Pertsonak aldean daraman mozorroa kenarazten du eta ridikuloa egiten da.

Horregatik idazten ditudan poemetan agertzen da oroitzapenekiko obsesioa.

Mozkor bat harrapatu ondoren, hurrengo egunean altxatzea eta egin dudan ridikuloa ikustea, egunero egunero dudan ameskaiztoa da.

Alkoholaren alde ona lagunekin edan eta egoteko aitzakia dela da.

- Dena dela, zuretzat zer da zoroa izatea edo zoratuta egotea? - Zoromena pekatu egiteko aitzakia da.

Gaur egungo gizartean zoroa deabroduna bailitzan hartzen da.

Beren trukoekin erizaina tentatzen dutela uste da eta hori deabrudunaren imajina bera da.

Zoroak prelogika era batetan pentsatzen duela esan daiteke.

Eta horrela gizon primitiboarekin parekatzen da.

Zoroa gizarte kapitalista honen muga da, bere proletarioa eta bere aingeru suntsitzailea da.

Gizarte primitiboetan ez zegoen zororik.

Gaur egun zoro batek errukia sor dezake baina inoiz ez errebelatzeko gogoa.

Hala ere, jarrera dibergentea eta kontzientzia desberdina izateko eskubidea badagoela uste dut, hau da, zoro egoteko eskubidea.

- Errebelatzeko gogoa aipatu, duzunez, zure eritziz borrokatzea merezi duen zerbait, ba al dago? - Nire eritziz, norberaren alde borrokatzea zilegi da.

Nik ez dut nire borroka ezertan oinarritzen, ez dut inor, ez ezer nire gainetik jartzen.

Borrokaren helburua zoriontasuna lortzea da, bizitza hobetzea, bizimodu hobea lortzea.

- Zer esan nahi duzu zoroa gizarte kapitalista honen muga dela esatean? - Gizarte honetako oinarrizko balorea, balore falikoa da.

Hau da norberak dena bakarrik egin dezakeela uste izatea, norberak dena lor dezakeela uste izatea.

Pertsona hauek dena izan dezakete, baina errepresioaren bidez.

Jasaten dugun errepresio hau ez da soziala, ideologikoa baizik.

Gizarte honek ez du koderik, dena konpetentzian oinarriturik dago, oihan antzeko bat da eta oihan horretako muga zoroa da, balio duen giza balore bakarra irabazlearena bait da.